jueves, 26 de abril de 2012

Estreinatu dugu Klasiken sasoia!

Horrela asten nuen nire azken posta, eta horrela hasi behar berri hau ere: Luze da azkenekoz hemen gure berri eman genuenetik!
Eta luze joan bada ere, azken aldian esan bezala, gure entrenamenduek aurrera jarraitu dute gelditu gabe. Batzuk aurtengo helburutzat triatloi munduan murgiltzea dutela, besteok, ohizko legez zikloturismoari atxikita, baina denok ere neguko hotzari beldur gabe aurre eginez kilometroak metatzen dihardugu.
Eta azkenean, bazen garaia!, pasa den asteburuan klasika zikloturisten sasoiari estreinua eman diogu!
Erandioko “La Segura”
Zapatuan Erandioko “La Segura” klasika zikloturistaren XX. Edizioa ospatu zen. Partaidetza handitzeko asmotan ibilbide berria estreinatzen zen aurtengoan: Erandiotik Gernikara Errigoiti ta Morgako gainak igo ostean iristen zen ibilbidea, ondoren Butroeko parajetik pasatuz Unben barrena Erandiora 93 kilometro beteta bueltatzeko.
Erandion LRT taldeko ordezkari bakarra ni neu izan nintzen. Eguraldi traketsaren aurrikuspenei ezentzuna eginez eta goiza euri jasa haundirik gabe pasatzeko esperantzarekin abiatu banintzen ere, laister ikusi zen txubaskeroa protagonista izango zela.
Lehen kilometroak antolakuntzaren kotxe atzean neutralizatuta eta siku antzean egin ostean, Errigoitirako igoeran bakoitzak bere erritmoari eusteko garaia iritsi zen. Mendatea aukeran behar baino biziago igo banuen ere, gailurrean lagun izan genuen euriak kontu handiz jeitsiarazi zidan eta atzetik zetorren jende ugarik arrapatu ninduen.
Beraien konpainian eta alferrik ahitutako indarrak faltan botaz bete nituen Gernikarainoko kilometroak eta taldetxoan gehienek aurrera egin arren, anoa puntuan indarberritzeko erabakia hartu nuen.
Indarrak berritu nituen bai, gogotik! Baita Errigoiti gainetik gurekin zen euriak ere ordea! Euri jasa bortitzaren pean egin nituen falta zitzaizkidan 40 kilometroak.
Txorizo egosi epela jaten egin nuen balantzea: Lehen klasikoa erritmo bizian (31km/h batazbestekoan) betea, erabat bustia baina zoriontsu!
Debako Itzulia
Aurreko eguneko euriak oraindik akorduan zirela eta Eibarko gaugiro alaiean egindako inkursioak eragindako atseden falta bitarteko, han ginen igandean goizean goiz Debako itzulia betezteko prest. Erandion bezala, Deban ere ibilbide berritua aurkeztu ziguten. Aurreko urteetako bira  laburra aurkako norantzan betetzea tokatu zitzaigun alegia.
Zapatuan ez bezala, igandean LRT taldeko kideen presentzia anitzagoa izan zen. Irazabal anaiok, entrenamendua luzatze aldera, Elgoibartik bertatik bizikletan abiatzea erabaki genuen eta Debako irteera puntuan egin genuen bat Goiatzekin.
Elgoibarren bizikleta gainean eseri giniean 7:15 izango ziren eta esperotakoren kontra, ez zirudien euririk egingo zuenik.
Deban irteera ofiziala 8:30tan izan zen. Berrikuntza bezala, klasika osoan zehar Ertzantzako kotxe bat aurretik eta beste bat atzetik genituela burutuko zela esan ziguten. Eta hala irten ginen, ertzantzako kotxeak ipinitako erritmoari jarraituz, Itziarko maldetan gora. Azkar ikusi genuen ordea kotxearen erritmoa eta geurea ez zetozela bat! Ez behintzat aurreko eguneko kilometroak “memorian” genituela!
Eta Itziarko maldetan izan zen hain zuzen LRTko kideak banandu gineneko puntua. Inteligentzia haundiz eta Zeletako kideekin martxa betetzekotan, Goiatzek erritmo erosoan burutu zuen igoera. Hemendik aurrera apenas izan genuen bere berririk, beraz, Goi idatzi zeuk ere zure kronika!
Irazabal anaiok, maiz gertatzen denez, buruaz baino bihotzaz gidatuta, punttu bat gehiago ipini genion igoerari jeitsieraren ondoren lauean egin beharreko kilometroak talde dotore batean egiteko gogoarekin batik bat. Eta hala izan zen: Itziarren bizi xamar igo ostean eta beherantza ere lorik hartu gabe, Zestoarako bide gurutzean Ertzantzako kotxeak bildutako tropel handiarekin bat egitea lortu genuen.
Taldean egindako kilometroak, erritmoaren gorabeherek eragindako tentsio une eskas batzutan izan ezik, eroso egin genituen. Nik neuk behintzat gustoko izan nuen martxa zikloturistarako formatu berri hau.
Azkoittin Aizpurutxorantz abiatuta geundenenan ordea, Ionen puxikak basta esan eta gelditu egin behar izan genuen.
Geldialdiaren ondoren, erritmo egokia bilatzea ez zen erreza izan. Aizpurutxuko errepideak badu bere malda eta ez da ez ibilbide erosoa. Lehen kilometroak bakarrik egin ostean, 10 bat laguneko talde batek arrapatu zigun eta beraiek ipinitako abiaduran joan ginen Zumarragaraino “gantxoa” botata. Eta Zumarragan hain zuzen, anoa puntutik 3bat kilometrora geundenean, zulatua izan nuen. Ez zen azkena izango.
Errubera aldatu, zerbait jan eta edan eta martxari ekin genion berriz ere gure pedalkadak Udanako gainera zuzenduaz. Handik bera hain zuzen berriz ere erritmo polit bat errekuperatzen ari ginela bigarren aldiz zulatu nuen. Zorte txarra!!
Zorionez, errubera aldatu ostean eta ia kotxe-eskoba bultzaka genuela, taldetxo dotore batean aurkitu genuen gure burua eta lehen errelebo batzuk eman ostean taldera akordioa iritsi zen. Eroso joan ginen handik aurrera Elgoibarreraino. Handik helmugara genuena eta ez genuena emanaz iritsi ginen. Bertako otartekoak eta coca-colak merezi zuten alegia!

2 comentarios:

  1. Goiatzek ritmo erosoan burutu zuen igoera?? jajajajaja... goixan 20 segunduko alderik etzeneukaten eta!! hori bai, atzera behin ere etzenuten begirau eta normala gu ez ikustia...

    Gero goixan geundela Iñaki eta Korori itxoitzia pentzau gendun ta oso lasai bajau ginan, hori bai!!

    Zeletakuekin?? Alberto eta nere laneko Jonekin einaba martxia!! kaxo perro!! jajajajajaja... ya que irazabaldarrak bihotzaz gidatuta aurrera aldegin zaben!! jajajajaja

    ResponderEliminar
  2. Jajajajajajaja!!! Hi, hemen badakik, kronikia Espainiar Kirol Periodismoko estilora eitxen juau! Idazten dabanak beti arrazoia!

    Argazkixa salidan Zeletakua zan. Hiru zuazten, ta bi zeletako. Hori zeletakuekin jutia bezela dok! ;)

    ResponderEliminar