lunes, 7 de mayo de 2012

Getxoko Javier Otxoa klasika

Bi aste besterik ez dira pasa Debako itzulia egin genuenetik eta pasaden zapatuan LRT taldea berriz ere jo ta su ibili zen han eta hemen bizikleta gainean.
Abenturarik handiena dudarik gabe Goik bete zuen aste hontan: Orbeak antolaturiko “Maraton de los Monegros” BTT proban hartu zuen parte hain zuzen ere. Bere berri blog honetan berandu baino lehen izatea espero dugu! J
Irazabal anaiok berriz Getxora egin genuen visita oraingoan. Javier Otxoa handiaren omenez eta ibilbide benetan dotore batean zehar 100 kilometro bete genituen.
Jardunaldia 9etan hasi zen Fadurako kirol gunean. Zerua oskarbi zegoen nahiz eta aurrikuspenak eguerdi aldera euria egingo zuela esan. Euskalmeteko mutilez fidati, maillot eta kulotte luzea soinean nituela ekin nion nik; Ion biziago egon zen eta kulottea behintzat motza aukeratu zuen!
Deban bezalatsu ertzantzaren kotxearen gidaritzapean txirrindulariok  ibilbideari ekin genion Leioako unibertsitatetik pasata Larrabetzu alderantz. Morga eta Gerekizeko gainak igotzeari ekin genion ondoren.
Hankak gogortzen hasiak zireneko hortan Gernika atzean utzi eta Mundakako anoa punturantz bideratu genituen gure urratsak. Talde txiki batean aurkitu genuen gure burua eta maiz egin ohi dugunez, oraingoan ere animalien pare tiraka jardun genuen aurreragoko talderenbat arrapatu nahian! Eta arrapatu genuen bai… indarrak berritzeko geratu baino 5 bat kilometro lehenago alegia!
Mundakan, Urdaibaiko badia zoragarria bizkarrean genuela, antolakuntzak eskainitako “Huesitos”-ak eta bestelako gailetak gogoz jan genituen. Eta hortan ari ginela elkartu ginen Iker Palomino elgoibartarrarekin.


Hortik aurrerakoak hirurok batera bete genituen, batzutan talderen batean sartuta, bakarrik besteetan. Hasteko, Bermeo pasa bezain laster guk oraindik ezagutzen ez genuen mendate bat igo behar izan genuen: Sollubeko mendatea. A ze aldapara han aurkitu genuena!! Eskerrak bistak ere paregabeak zirela.
Hori bai. Sollubeko esfortzuaren ostean ibilbideak gordetzen ziguna ez zen ez nolanahikoa. Ibilbide pikotsua, igoera eta jeitsiera tartekatuz josia, benetan gogorra begitandu zitzaigun eta azkenik Unbeko gainerantz abiatu ginenean lasaitua ere hartu genuen behintzat espero genezakeenaren jakinak dakarren konfiantzarekin.
Jardunaldia borobiltzeko, zerutik lehen tantak zetorzkigunean, helmugako txorizo egosia jan eta buelta Elgoibarrera!

No hay comentarios:

Publicar un comentario